Jolasa baino gehiago: kronika labur bat

2014-11-17 / oihaneder
jolasa baino gehiago kronika

Begiraleak, gurasoak, ikastetxeetako ordezkariak, kultur eta aisialdi taldeak eta kirol elkarteetako kideak larunbat goizean lau orduz bildu ziren Ortuño aretoan, JOLASA BAINO GEHIAGO jardunaldiaren baitan haurren aisialdiari buruz hitz egiteko.

Iñaki Jauregialtzo Berritzeguneko teknikariak ARRUE ikerteta azaldu zuen. Eskolan euskararen erabileran eragiten duten faktoreak aztertu dituzte, eta eskolaz kanpoko jardueren garrantzia azpimarratu dute. Hortaz, erronka da “neska-mutilen jarduera antolatuetan euskararentzako baldintza aldekoagoak sortzea eta hedatzea”. Bere esanetan, baldintza aldekoagoak sortze hori bi mailatan uler daiteke: eguneroko ingurune hurbiletan euskarazko erabilerarako aukera errealak gehitzea, zein gizarteko erreferente diren pertsonengan euskarazko jokaerak hedatuago egotea.

Beranduxeago bost talde hurbildu ziren nork bere praktika azaltzeko:

  • Arabako Bertsozaleen Elkartetik bertso eskolen garrantzia azpimarratu nahi izan zuten. Jarduera atseginak dira, motibagarriak, ludikoak… eta badute abantail bat argi-argia beste ekintza guztien aurrean: euskaraz baino ezin dira egin.
  • Gaztedi Rugby taldeko entrenatzaileetako batek udako rugby ikastaroa euskaraz ematera nola iritsi ziren azaldu zuen. Haren ustez, halako ikastaro bat euskaraz ematea ez da arazoa; arazoa da, aitzitik, ikastaro hori euskaraz ematea ezinezkoa dela pentsatzea. Gaztediko lagunei “otu egin zitzaien, eta egin egin zuten”.
  • Euskharan elkarteak 200 haur biltzen ditu larunbatero Gasteizko lau auzotan. Elkarrekin film bat ikusi, eta jarrian hainbat tailer eta jolas antolatu, film hori aitzakiatzat hartuta… eta hori dena euskaraz.
  • geu-elkartea azken urtean hilean behin eskolaz eskola ibili da Igandeak Jai programarekin. Igande arratsaldeak luzeak omen dira Gasteizen, eta programak arrakasta handia izan du, ia 150 pertsonatik gora biltzen baitira hilero.
  • Amezti Txiki guraso elkarteak urtean behin familia euskaldunak biltzen ditu, eta aterpe batera joaten dira asteburu pasa, Barnetegi Txikia deitzen diote ekintza horri. Familia euskaldunak elkar ezagutzea, haur eta heldu eskolatik kanpo euskaraz aritzea, eta euren arteko harremana sendotzea dute helburu.

Entzun ez ezik, gogoetarako tartea ere egon zen. Talde txikietan aisialdiaren garrantzia ikusi ondoren, proiektu berriak irudikatzen aritu ziren partaideak. Gehiago jakin nahi? Bada…hilaren 25ean izango duzue horretarako aukera, arratsaldeko 18:30etatik aurrera Oihaneder Euskararen Etxean bertan.